Duela hile batzuk, berri jakingarri bat agertu zen hainbat hedabidetan: Finlandia eskuzko idazkera erakusteari uztekotan dabil. Zer esanik ez, eztabaida sutsua sortu zuen berri honek, eta entzute handikoa gertatu zen munduan zehar.
Ez da harritzekoa eztabaida hori, zientziak agerian utzi baitu estuki loturik doazela eskuzko idazkera eta irakasketa-garapen orokorra. Badakigu umeek azkarrago ikasten dutela irakurtzen, aurretik idazten ikasi badute.
 Areago, idazten ikasi badute, hobeto bereganatzen dute informazio 
berria, eta errazago sortzen dituzte ideia berriak. Izan ere, idazten 
dugun hori ez ezik, hori idazteko modua ere garrantzitsua da.
 2. irudia: Letra etzana
Eskanerra erabiliz, zientzialariek ikusi dute burmuinak idazteko behar diren mugimenduen bidez errekonozitzen dituela hitzak irakurketan. Areago, egiaztatu da eskuz idazteari espezifikoki loturik dagoen neurona-prozesu bat aktibatzen dela.
Zehazki,
 laborategi-saio batean ume batzuei hainbat letra erakutsi zizkieten. 
Haurrak oraindik idazten ikasi gabe zeuden, eta hiru era eskaini 
zitzaizkien letra horiek irudikatzeko: puntu-lerrodun paper batean 
marraztu, paper zurian marraztu, eta ordenagailu bidez idatzi.
Gero,
 eskaner bat egin zitzaien, eta berriz erakutsi zitzaizkien letrak. Oso 
ondorio interesgarriak lortu ziren: Letrak paper zurian eginda, jarduera
 trinkoagoa sumatzen zen nagusiek idaztean eta irakurtzean aktibo izaten
 duten hiru burmuin-zonalde berberetan: atze kortex parietala, ezker 
zirkunboluzio fusiformea eta behe bira frontala. Jarduera askoz ere 
motelagoa zen letrak beste era batera egin zituzten beste ume 
guztiengan.
Zientzialariek diote emaitza hauek agerian uzten dutela burmuina
 praktikaren bidez eraldatzen dela, eta hainbat eta askatasun gehiago 
emanda, hainbat eta aldaketa handiagoa gertatzen dela. Halaber, zientzialariek ikusi dute hobeto ikasten dituztela letrak, ordenatu gabe daudenean.
Beste
 ikerketa batek agerian utzi du burmuin-patroi desberdinak dituztela eta
 era beran ondorio desberdinak lortzen direla letra larrien bidezko 
idazkeran, letra etzanaren erabileran eta teklatu bidezko idazkeran. 
Horrela, testu bat eskuz idatzi zutenean, teklatu baten bidez idatzi 
zutenean baino hitz gehiago eta are ideia gehiago ekoitzi zituzten. 
Oroitzapen bati buruz idazteko eskatu zitzaienean, areagotu egin ziren 
hitz eta ideia-ekoizpenak. Gainera, testu baterako ideiak emateko eskatu
 zitzaienean, kaligrafia hobea zutenek, neurona-jarduera nabarmenagoa 
erakutsi zuten bai lan-oroimenarekin zerikusia zuten zonaldeetan, bai 
eta idazketa eta irakurketarako neurona-sareetan ere.
Baliteke 
desberdintasun bat egotea, baita letra larrien bidezko idazkeraren eta 
letra etzanen artean ere. Adibidez, burmuinaren zauri baten ondorioz 
disgrafia bat gertatzen denean (hau da, idazketarako ahalmenaren 
jaitsiera bat eragiten denean), gizaki batzuetan antzera mantentzen da 
letra etzanaren bidezko idazketa-ahalmena, baina beste batzuengan, letra
 larrien bidezkoa da ondo mantentzen dena. Horrela bada, pentsa liteke 
bi idazkerek burmuin-sare desberdinak aktibatzen dituztela, eta 
bietarako uste baino kognizio-baliabide gehiago erabiltzen direla.
Urrunago joanda, letra etzanaren bidezko idazkeraren ikasketak beste idazketak baino gehiago entrena lezake autokontrola. Ikerlari batzuen ustetan, dislexia tratatzeko era bat izan daiteke letra etzana.
Zorionez,
 pozgarria da Finlandiak bere asmoak argitu izana: gaizki-ulertu bat 
egon zen. Izan ere, 2016.ean ikasten hasiko diren haur finlandiarrek, ez
 dituzte halabeharrez letra etzanak ikasi beharko, baina ikasgai izango 
dute, bai, letra larrien bidezko idazkera.
Letra etzanak 
elkarrekin lotuta idazten dira baina ez da horrela egiten letra larrien 
kasuan. Lehengoak bada, trazu biribilagoak egitea ahalbidetzen du, eta 
bigarrenak, testu ordenatuago eta garbiagoak gauzatzen ditu. Hala ere, 
letra larrien bidezko idazketa honek, nortasun apalagoko ondorioak 
ematen ditu, aditu batzuen ustez.
Finlandiako hezkuntza-saileko arduradunek bada, asmoa dute ohiko kaligrafiari denbora bat kendu eta mekanografiari emateko. Izan ere, mekanografia lagungarriagoa gertatuko zaie bere “lan-bizitzan”. Nonbait,
 pentsatzen dute une jakin batetik aurrera testu guztiak idazten 
ditugula ordenagailuan, eta beraz mekanografia garrantzitsua da oso. Ikusi beharko honek populazioari dakarkion onura zein den.
Iturria: Maria José Moreno, Zientzia Kaiera 
 
 

 
 
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.