2015/11/17

Nola hezi haurrak dispertsio digitalaren aroan?


Arantxa Arzamendi

Udazkenean, egunerokotasunean murgiltzen garenean, denbora gehiago izaten dugu etxeko epeletan liburu bat eskuetan hartu eta goxo-goxo irakurtzen egoteko. Oraingo honetan teknologian murgilduta bizi diren haurren gurasoei zuzendutako liburu gomendagarri bat aukeratu dut. Lucy Jo Palladinoren Educar en la era de la dispersión digital.



Lucy Jo Palladino, psikologo klinikoa, ikertzailea eta idazlea da. Arretaren ikerketan aditua, hainbat liburu idatzi ditu gaiaren inguruan ingelesez eta horien artean gaztelaniara itzuli berria da Educar en la era de la dispersión digital: una guía práctica para que los niños hagan un uso equilibrado de la tecnología. Horretaz gain, bi blog ditu: Fearless Focus, arlo digitalean arreta arazoak dituztenei zuzendua eta Parentpal, arretarekin arazoa duten haurren gurasoei zuzenduta. Gaur egun Kalifornian bizi da eta bi seme alaba ditu.

Teknologia azkar sartu da gure etxeetan eta uste baino gehiago aldatu zaizkigu ohiturak. Pantailak asmatu aurretik haurrak kontu-jaten egoten ziren baldin eta gurasoek aldameneko gelara bidaltzen ez bazituzten. Gaur egun, berriz, haurrak etxean daudenean eta etxetik kanpo dabiltzanean ere, egun osoa pantailari begira egoten dira. Liburu honen helburua da haurren teknologiaren erabilpena orekatua izatea. Haurrei ondo erakutsi behar zaizkie gailu teknologikoen alde onak eta arriskuak eta horretarako gurasoei argibideak ematen ahalegintzen da.

Baina pantailak denoi nagusitu zaizkigu, bistan da haur eta helduen arreta harrapatzen dutela. Palladinok arreta aztertu du eta norberak egiten duen ahaleginaren arabera bi mota definitzen ditu. Borondatezko arreta, aktiboa da eta norberaren ahalegin bat eskatzen duena, adibidez eskola lanak egiteko edo irakurtzeko. Oharkabeko arreta, berriz, pasiboa da eta ez du ahaleginik eskatzen, estimulu batek sortzen du eta etengabe egiten dugun arreta da, adibidez telebista ikustean. Horregatik egoten omen dira haurrak patxaran telebista ikusten ari direnean, baina haserretu egiten zaizkigu zerbait egiteko esaten diegunean. Palladinoren iritziz, hor dago gurasoen lana, haurren garuna landu borondatezko arreta garatu dezaten eta arduratsuak izan daitezen.

Liburuak zazpi urrats definitzen ditu haurrek borondatezko arreta garatu dezaten. Horrekin batera autokontrolaren ezagutza azpimarratzen da eta arreta kontrolatzaileen, hots pantailen erabilpena kontrolatzeko, bideak erakusten dira.
Argitalpenaren fitxa:
  • Izenburua: Educar en la era de la dispersión digital: una guía práctica para que los niños hagan un uso equilibrado de la tecnología
  • Egilea: Lucy Jo Palladino
  • Argitaletxea: Alba, 2015
  • Orrialdeak: 262 orrialde
  • Prezioa: 22,50 €
  • ISBNa: 9788490651162
  • Non eskuratu: Educar en la era de la dispersión digital eskuragarri dago liburutegi publikoetan, besteak beste, Donostiako Udal Liburutegien sarean.
Iturria: Zientzia Kaiera

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.