Jakizue
gaurtik aurrera Ikastolen Elkartearen eta Seaskaren webguneak ‘.eus’
direla. Urte asko, nahi baino gehiago, igaro dira egitasmoa garatzen eta
behar ziren baimenak lortzen, baina, azkenean lortu dugu!
Aurrerantzean, www.ikastola.eus eta www.seaska.eus izango dira gure webguneen domeinuak.
’.eus’ domeinua, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen
Interneteko lehen mailako domeinua da. Bere helburua euskara eta euskal
kultura sustatu eta Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea
kohesionatzea da. ‘.eus’, hortaz, tresna bat da, euskara beste
hizkuntzen mailan kokatzen duena, euskararen normalizazioan lagunduko
duena eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzen diona”.
‘.eus’ domeinuaren proiektua 2007an hasi zen lehen urratsak egiten.
Kataluniako ‘.cat’ domeinuaren ildo beretik zihoan. 2008. urtean
PuntuEus Elkartea eratu zen, Euskararen eta Euskal Kulturaren
Komunitatea egituratzeko helburuarekin. Hurrengo lau urteetan zabaltze
prozesuan egon zen elkartea, eta, egun, guztira 58 elkartek eta
erakundek osatzen dute PuntuEus Elkartea. 2012. urtean, PuntuEus
Elkarteak PuntuEus Fundazioa sortu zuen. Ikastolen Elkartea fundazio
horretako kidea da. Hain zuen ere PuntuEus Fundazioa izan zen ICANNen
aurrean 2012ko maiatzean ‘.eus’ domeinuaren eskaria aurkeztu zuena.
Eskari hori ebaluatu eta 2013ko ekainaren 14an jakin zuten ‘.eus’
domeinua onartua izan zela. Eta martxan jartzeko beharrezko lanak bukatu
ondoren, 2014ko apirilan jarri zen ikusgarri ‘.eus’ domeinua
Interneten.
Udaberriko lore hori www.domeinuak.eus izan zen. Uda honetan, berriz,
90 webgune loratuko dira ‘.eus’ domeinuarekin. Aitzindarien taldeak
osatuko du 90eko talde hori; erakunde, elkarte, enpresa eta norbanakoek
osatzen dute. Tartean da Ikastolen Elkartea, eta gaur bertan jarri
ditugu aipatutako bi webgune horiek ‘.eus’ domeinuan ikusgarri.
Benetako urratsa abenduaren 3an egingo da, Euskararen Egunarekin
batera. Orduan irekiko da edonorentzat bere webguneari ‘.eus’ domeinua
jartzeko aukera.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.