2014/02/14

Zertarako erabili sare sozialak? Twitter

Badira urte batzuk twitter eta facebooken nagoela. Hasieran modan zeudelako sartu nintzen bertan, zer ziren ikusteko. Ondoren Pinteresten sartu nintzen baita Google+ eta beste hainbatetan ere. Zertarako guzti hoietan murgildu? Zertarako erabili sare sozialak?
Egia da arestian aipatu dudan moduan hasi nintzela. Ezagutzeko irrika nuen eta baita experimentatzeko ere. Sare hauetatik murgildu aurretik Bloggeren Munduari so bloga zabaldua nuen duela urte batzuk lehenago. Han izan nuen experientzia bultzatuta edo eman nuen pausoa sare sozialetara. Badakit bloga eta beste sare sozialen erabilpena ez dela gauza bera baina hauek erabiltzea erabaki nuen. Hasieran helburu jakinik gabe ibili nintzen bertan eta egia esan hau hanka sartzea izan zen. Ez dago  ezer txarragorik helburu jakin bat izan gabe zerbaitetan ibiltzea baino. Gero jardunaren jardunaz konturatu nintzen blogeko sarrerak lau haizetara zabaltzeko oso egokiak zirela bai twitter eta baita facebook ere. Norbere iritzia emateko, norberan burua lau haizeetara aurkezteko. Hau da, orain hain modan dagoen personal branding edo marka pertsonala lantzeko oso egokia da. Honekin nolakoa zaren azaltzen duzulako. Eta horretara jarri nintzen. Nire blogeko burutazioak han jartzen, ordurarte ezezaguna zen jendea ezagutzera eraman ninduen. Baita han eta hemen aurkitzen nituen berriak partekatuz hainbat pertsonen atentzioa erakartzera ere. Egun 1900 bat kontuk jarraitzen naute eta 38900 bat txio egin ditut txoritxoaren sare sozialetik. Agian zu zara jarraitzen nauzun hoietako bat. Eskerrik asko hala bada ;).
Kuadrilako batzuk beraien kontua zabaldu izan dituzte twitteren baina ez dute jarraitu erabiltzen. Ez diote gustua hartu zerbitzuari. Nik aitortu behar dut hasieran ere galduta ibili nintzela hasieran. Hau jarraitu, baina jarraitzen nauena jarraitu behar al dut? Zertarako erabili sare sozialak? Galdetu izan nion behin baino gehiagotan nire buruari. Zorionez handik gutxira gustua hartu nion twittereko txioei. Ohartu nintzen azkenean sare sozialetan ibiltzea harremanak sortu eta elkarrizketa sortzea zela helburua. Komunikatzea azken finean. Saretik at egiten dugun bera egitea baina interneten.

Zertarako erabili sare sozialak? Twitter,  adibide batzurekin azalduta

Twitter da gehien erabiltzen dudan sare soziala da zalantzarik gabe. Hasieran esan bezala kostatu zitzaidan martxa hartzea baina gaur egun gustura nabil bertan. Bere erabilpena erraza da, zuzena, azkarra, arina. Gura dituzun kontuak jarraitu eta beraikin harremanetan sartu. Izan ospetsu edo ez. Izan laguna edo ez. Adimentsua edo ez. Berdin da, interesa baduzu kontu batean, jarraitu eta aurrera. Kontu hoiek esaten dituzten txio interesgarriak birtxiokatu, komentatu. Elkarrizketak izan kontu hoien jabeekin.  Nahi duzula zure TL (Time Line) ez saturatzea? Lasai ez da beharrezkoa gustuko dituzun kontu guztioak jarraitzea. Nola izan orduan beraien berri jarraitu gabe? Erraza, sortu zerrenda bat eta joan gehitzen bertara kontu hoiek. Nik adibidez, zerrenda batzuk sortuak ditut eta bertan dauden gehienak ez ditut jarraitzen.
Gai jakin baten inguruan txiokatzen duten kontuei buruz informazioa nahi badut, zerrendan sartzen naiz eta listo. Zerrenden afera honek beste abantail bat dauka. Beste kontuetan dauden zerrendak jarraitu ditzazkedala harpidetza eginez. Mundiala da!
Hasieran kosta egiten da twitteren filosofia hartzea baina behin txiokatzen hasita eta beste kontuekin harremanetan jartzen bazara laister hartzen diozu martxa. Gai jakin baten inguruan interesa baduzu goikaldeko kutxan idatzi. Izan zure herria, zure gustuko kirol taldea, musika taldea, uneko berri baten protagonistaren izena… idatzi bertan ENTERi eman eta tori! Makina bat kontutan gai horretaz idatzi dituzten txioak kronologikoki azalduko zaizkizu. Txioak izan litezke  komunikabide batena edo ondoko auzokidearena, horretaz idatzi badute bertan azalduko da. Hashtagak erabiltzea gomendagarria da. Horrela jende gehiagora helduko da eta. Jo dezagun txioan jarri duzun informazioa zure herriari buruzkoa dela eta kirol batetaz dela. Adibidez Soraluzeri eta pilotari buruzkoa. Honelako zerbait idaz liteke: Gaur gauean #pilota partiduak herriko pilotalekuan #Soraluze #kirola. (#) sinboloarekin eta hitz horrekin bilaketa egiten duen edozeini azalduko zaio idatzi dugun mezua. Horrela gehiago zabalduko da idatzitako txioa. Azken finean hori da helburua, ahalik eta jende gehiagora iristea. Gero beraiek ikusiko dute birtxiotu edo ez.
Bukatze aldera esan twitter kontu bat ez dela garratzitsuagoa dituen jarraitzaile kopuruarengatik, sare sozial honetan arrakasta izango du lortzen dituen birtxioengaitik eta aipamenengatik baizik. Hau da, beste kontuek jartzen dutenagatik estimatuko dute edo ez eta horren arabera garrantzitsua izango da. Nola lortu besteen RT eta aipamenak? Informazio baliotsua eskainiz. Egia da baita ere hau egin ezkero jarraitzaile gero eta gehiago lortuko direla. Beraz gure helburua lortzeko, hau da harremanak izan eta ezagutua izateko edukian dago gakoa. Bizitzako offline eremuan bezala, estimatua izango zara eta harreman onak izango dituzu partekatzen duzunagatik eta egiten duzunagatik.


Iturria: Munduariso

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.