2013/12/29

Zurrunbiloan harrapatuta

Adingabe eta nerabe gehienek bi aldiz pentsatu gabe jartzen dituzte euren argazki eta datuak sare sozialetan, ohartu gabe klik egiten duten unetik informazio horren gaineko kontrola galtzen dutela betiko.
Duela bi aste eskas, Espainiako Poliziak 23 urteko gazte bat atxilotu zuen Nafarroan, sare sozial baten bidez pornografia lortzeko 180 adingabe engainatzea egotzita. Antza, sare sozial horren bidez jartzen zen neskekin harremanetan, eta, elkarrizketa baten ondoren, sexu irudiak bidaltzea lortzen zuen.
Izan dira, ordea, kasu larriagoak ere. Iazko urriaren 10ean, Amanda Toddek bere buruaz beste egin zuen, hiru urte iraun zuen xantaia eta jazarpen kanpaina baten biktima izan ostean; Kanadakoa zen, eta 15 urte zituen. 12 urte zituela, gizonezko bat ezagutu zuen sare sozial batean, eta hainbat elkarrizketaren ostean, hark bere bularren argazkiak bidal ziezazkion konbentzitu zuen. Handik gutxira, mehatxatu egin zuen: bideo bidezko show bat egin ezean, Internet bidez zabalduko zituzten argazkiak. Hala egin zuten, eta, ustekabean, geldiezineko zurrubilo batean harrapatuta geratu zen nerabea, bere buruaz beste egitea erabaki zuen arte. Bere burua hil baino egun batzuk lehenago, Toddek bere bizipenen berri eman zuen Internet bidez zabaldutako bideo batean, zeina gurasoek bertan uztea erabaki zuten, beste inor segada berean eror ez zedin.


Badirudi, baina, ahalegina alferrekoa izan dela. Izan ere, EHUko ikertzaile Montserrat Peris eta Carmen Maganto Psikologia fakultateko irakasleek egin berri duten ikerketaren arabera, galdetutako 12 eta 20 urte arteko 3.000 ikasle ingurutik, %8k jasan dute noizbait sexu jazarpena, eta %3,4k behin baino gehiagotan. "Nerabeak ez dira ohartzen argazki bat sare sozialetan jartzen duten unean bertan haren gaineko kontrola galtzen dutela. Baina arriskuaz ohartuta ere oso zaila da erabateko segurtasuna lortzea. Uste duzu [Mallorcako duke IƱaki] Urdangarin ez zela Interneteko arriskuen jakitun? Eta, hala ere, begira zer gertatu den", ohartarazi du Magantok.
Hainbat arrisku ikertu dituzte Magantok eta Perisek: sexting -a, norberak edo beste batek ateratako argazki erotikoak sare sozial baten bidez zabaltzea; texting -a, edota irudi jakin batzuei buruzko aipamenak idaztea; grooming -a, hau da, heldu batek adingabe bat engainatzea, argazkiak aterarazi edota harremanak izateko; azken horri lotuta legoke sextorsion -a ere, alegia, sexuan oinarritutako xantaia. "Debekua ez da, ordea, arriskuak saihesteko bidea, zerbait debekatuz are desiragarriago bilakatzen baita. Gainera, gazteek natural-natural egiten dituzte beren buruen argazkiak. Imajinatu ni 13 urteko neska bat naizela eta sare sozial bateko kide naizela. Noski, ni baino helduagoko mutilak ezagutu nahiko ditut. Beraz, egiaz 50 urte dituen gizon bat etortzen bazait 16 dituela eta oso polita naizela esanez, erraz sartuko naiz jokoan. Gero, apurka-apurka opariak eginez eta lausengatuz, irudi gero eta erotikoagoak eskatuko ditu, eta, halako batean, ezetz esaten badiot, mehatxu egingo dit berak nahi duena lortu ahal izateko", dio Perisek.

Sexu eskaintzak
Maiz, baina, ez da beharrezkoa inork argazki erotikoak sarean jartzea sexu eskaintzak jasotzeko. "Neronek eta beste irakasle batek egin genuen proba, eta ordu erdi eskasean biok ere sexu harremanak izateko eskaera jaso genuen", dio Perisek. Horregatik, adituek aholkatzen dute ezezagunei ez ematea informazio pertsonalik, ezta "lagun baten laguna" dela esan arren. "Ez da jazarpen kontua bakarrik. Maiz gertatu izan da sare sozialen bitartez ezagututako norbaiti esatea gurasoekin oporretara zoazela eta itzultzean etxean lapurtzera sartu direla ohartzea", ohartarazi du Perisek.
Sare sozialek badituzte, noski, segurtasun neurriak, baita adin muga ere parte hartzeko, baina ez dago modurik jakiteko izen ematen duenak egia esaten duen, Perisek dioen moduan, gezurra esateko nahikoa delako klik bat egitea. Baina badago presio sozialik ere. "Lehia moduko bat da. Kontuan izan behar dugu adin tarte horretako gazteentzat, neskentzat batez ere, irudia oinarrizkoa dela eta maiz besteen onarpena nahi izaten dela. Beraz, batek dutxatik atera berritan argazkia atera eta sarean jartzen badu, hurrengo egunean beste batek berea jarriko du, eta are sexiagoa izaten ahaleginduko da", nabarmendu du Magantok.
Aurrera begira ere, Interneten jarritako irudiak arazo bilaka daitezke. Datu bat: Interneten Zaintzarako Fundazioak iaz egindako azterketaren arabera, banakoek sarean jarritako argazkien %88 euren jatorrizko tokitik lapurtu zituzten, eta beste webgune batzuetan eskuragarri jarri —asko pornografia guneetan—. Magantok ohartarazi du halakoetan nerabeek ez dutela bi aldiz pentsatzen irudiak sarean jartzeak etorkizunean eragin dezakeen kalteaz. "Zuk ustez argazki guztiak ezabatzen badituzu ere, ez dakizu beste norbaitek gordeta ote dauzkan. Ezinezkoa da guztia ezabatzea. Baina nerabeak ez dira horretaz ohartzen. Esaten dizute: 'Nola hartuko du beste batek nire argazkia, nik lagunari bakarrik bidali badiot?'. Ez dute kontzeptua ulertzen, eta, gainera, askotan ez zaie axola. Baina ez dira konturatzen hamar urte geroago egin diezaiokeen kalteaz, adibidez, lan eske joaten direnean". Horren erakusgarri, kasu bat azaldu du EHUko irakasleak: "Mutil batek irakasle bati argazkia atera zion txiza egiten ari zela, eta irudia ikasleek erabili ohi zuten sare sozialean jarri zuen. Berehala, eskola guztian zabaldu zen. Noski, mutila zigortu egin zuten, baita gurasoei gertatutakoa jakinarazi ere. Baina, hala ere, gaztea ez zen konturatzen zergatik jokatu zuen oker".
Gaur egun, bestetik, adingabeak oso txikitatik hasten dira Interneten nabigatzen; maiz, Informatika eskoletan bertan animatzen dituzte sare sozialen batean parte har dezaten. "Arazoa da formazioa falta dela. Hau sexualitatea bezala da, ez da nahikoa behin azaltzea, adin tarte bakoitzak ulermen eta kezka desberdinak ditu. Ezin ditugu halakoak behin azaldu ditugulako ulertutzat eman, pausoz pauso joan behar dugu. Beste mila gauzarekin egiten dugun moduan", azaldu du Magantok.
Maganto eta Perisen ikerketak bullying kasuak ere aurkitu ditu. Galdekatutakoen herenek, esaterako, aitortu zuten inoiz jarri dituztela sarean beste norbaiten argazkiak, haiek lotsagarri uzteko helburuarekin. Ikerketan, ehun bat kasu larri ere agertu ziren. "Halakoetan guraso eta irakasleekin harremanetan jarri izan gara", azaldu du Perisek. Baina izan dira alderantzizko kasuak ere, alegia, eskolek eurek eskatu izan dietenak bertara joateko hitzaldiak ematera, bai irakasleen ekimenez baita gurasoek eskatuta ere. Halakoetan oso maiz agertu ohi den arazoetako bat da mendekotasuna —galdekatuen %62k onartu dute antsietatea sentitzen dutela sare sozialak edota sakelakoa kentzen dietenean—. "Erabilera txarraren ondorioa da mendekotasuna. Baina nola identifikatu? Gogoratzen naiz behin eskola batetik deitu gintuztela, esanez mutil bat oso urduri jartzen zela sakelakoa kentzen ziotenean. Noski, eskoletan debekatua dago sakelakoa erabiltzea, eta mutila harekin harrapatu zutenean, lehenik egun batez kendu zioten, eta bigarrenean astebetez. Lehen aldian ez zen ezer gertatu, baina bigarrenean, izugarri urduri jarri zen, eta itzuli ezean gurasoen etxea erreko zuela mehatxatu zuen. Horrek ez du esan nahi, noski, nerabe guztiak berdinak direnik. Baina bai kontu handiz jokatu behar dela, eta mugak jarri, adibidez gauean edo goizaldean sarean ibil ez daitezen", azaldu du Perisek.
Noiz bilakatzen da, ordea, ohitura adikzio? Maganto: "Gizartea asko aldatu da denbora gutxian. Garai batean ez genituen sakelakoak ezertarako behar; orain, aldiz, Android bat ez baduzu, ez zara ezer. Adibidez, ikasle batek klasean sartzeko telefonoa zapata eta galtzerdiaren artean ezkutatzen badu, mendekotasuna izan daiteke. Arazo nagusia da gurasoak maiz ez direla ohartzen, edo ez dutela konturatu nahi. Askotan entzun izan dugu, aita edo ama batengana haren seme edo alabaz hitz egitera joanda, 'bada, etxean ez du telefonoa erabiltzen', edota 'nik ez diot mendekotasun arrastorik ikusten'". Bide horretan, kontzeptu berri bat aipatzen dute ikerketan, umezurtz digitalena. "Askotan gertatzen da bakardadeari aurre egiteko tresna gisa erabiltzen dituztela nerabeek sare sozialak. Kontuan hartu beharko genuke zenbatetan betetzen duten ordenagailuek lanagatik edo beste edozein arrazoirengatik urrun dauden gurasoen rola. Halakoetan, sarearen erabiltzaileak konfiantzazko laguntzat hartzen du pantailaren beste aldean dagoena, nahiz eta aurrez aurre ezagutu ez", dio Perisek. Aldi berean, hala ere, nabarmendu du sare sozialen onurak ere kontuan hartu behar direla.

Onurak
Teknologia berriek eta zehazki sare sozialek badituzte arriskuak, esan bezala, baina ezin ahaztu haien erabilgarritasuna ere. "Nork ez ditu kalean ikusi lagun taldeak, elkarren ondoan egon arren telefonoaren bitartez hitz egiten dutenak? Alarma seinale bat da? Agian bai, baina gizarte gai bat ere bada. Aurrez aurre hitz egin beharrean elkarri mezuak bidaltzen dizkiogu orain. Bada jendea sareko lagunak gertuagoko sentitzen dituena, hezur-haragizkoak baino. Dena den, horrek ez du zertan txarra izan. Nik izan ditzaket jendearekin komunikatzeko arazoak, eta agian sare sozialek aurrez aurre sentitzen ez dudan segurtasuna ematen didate. Horretaz gain, berehalakotasuna ere bada garrantzitsua. Gazteak, eta nerabeak batez ere, oso emozionalak dira; euren sentimenduek mutur batetik bestera egiten dute jauzi, eta barruan daramaten hori guztia adierazteko bide azkarrak dira sareak. Nahiz eta horrek mendekotasunerako bidea eman", esan du Perisek.
Arrisku horiek guztiak identifikatu eta aurrea hartzeko galdetegi bat osatzea da Magantoren eta Perisen azken asmoa. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren eta EHUren laguntza izan dute, baita proiektuan parte hartu duten ikasle eta irakasleena ere. "Gu lan honetan hasi ginenerako, baziren antzeko ikerketak. Duela urte batzuk, esate baterako, adingabearen defendatzaileek egindako ikerketa batek zioen etxean Internet erabili ezin zuten gazteek kaleko ziberguneetara jotzen zutela, etxean egin ezin zuten hori anonimotasun handiagoz egitera. Gure asmoa, dena den, ez da hori izan, baizik eta zehaztea non bukatzen den afizioa eta non hasten diren mendekotasun eta arriskuak. Horretarako, muga batzuk jarri ditugu. Adibidez, gazte batek loari orduak kentzen badizkio sarean ibiltzeko, etxean ezkutatu egiten bada nabigatzeko eta Internet gabe geratzean antsietate eta depresio sintomak baditu, oso posible da mendekotasuna izatea", azaldu du Magantok.
Perisen esanetan, informazioa eta formazioa dira beharrezkoak arriskuei aurre egiteko eta sarearen onurak baliatzeko. "Debekatzea da egin daitekeen okerrena. Hauxe da gurasoei ematen diegun aholku nagusia: zure semeak edo alabak kontu bat baldin badu Facebook edo beste edozein sare sozialetan, zuk ere zabal ezazu kontu bat eta egin haren lagun. Gaztelerazko kantu ezagun batek dioen moduan, 'zu joaten zarenean, ni banator'; alegia, aurrea hartu behar diegula. Ez naiz esaten ari gurasoek lizentziatura bat egin behar dutenik, nahikoa lirateke ikastaro batzuk ordenagailua erabiltzen eta Interneten nabigatzen ikasteko. Hortik aurrera tentuz ibiltzea da kontua".
Maganto irakaslearen iritziz, berriz, garrantzitsuak dira ordutegiak ere. "Oinarrizko arau batzuk beharrezkoak dira maiz. Adibidez, gauez telefonoak logelatik kanpo uztea, goizaldean sarean sartzeko tentaziorik izan ez dezaten, eta argi utziz jaikitakoan erabili ahal izango dituztela. Guraso askok uste dute ez dutela eskubiderik halako arauak ezartzeko, baina hori ez da hala".
Nerabeentzako aholkuak ere eman ohi dituzte ikastaroetan. Besteak beste, datu pertsonalik ez emateko, edota xantaia edo mehatxuen biktima izanez gero ahalik eta lasterren guraso edota irakasleren bati jakinarazteko. "Izan ere, biktimak sentitzen duen lotsaz baliatzen dira erasotzaileak euren helburua lortzeko", nabarmendu du ikertzaileak. Bide batez, oso baliagarritzat jo du Perisek, helbide elektroniko bat baino gehiago izatea ere, "adibidez, bat laneko edota ikasketa kontuetarako eta beste bat pertsonala", eta baita horiek hainbatean behin aldatzea ere, "hori egiten dute pertsonaia ezagunek ere, euren pribatutasuna nolabait babesteko". Dena den, teknologia berriak horren azkar aldatzen diren garaiotan, ezinezkotzat jotzen dute biek erabateko pribatutasuna lortzea. "Orain badabiltza ahazteko eskubidea jasoko lukeen lege bat aztertzen. Iraungitze data moduko bat. Horrek asko lagunduko luke", dio Perisek.
Iturria: Berria.info

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.