Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Alpify sakelako aplikazioa
aurkeztu du. Garrantzitsua da larrialdietan pertsonak errazago aurkitu
eta denbora aurrezteko.

«Norbere babeserako berme garrantzitsua du, eta askoz ere azkarragoa», azaldu du Pedro Anituak, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak. Denboraren garrantzia nabarmendu izan du, batik bat neguan. Hotz handia egiten duenean, segundoak berebizikoak izan daitezke. «Ez da erabateko konponbidea, baina komunikazioak ailegatzen diren tokira arte jakin dezakegu non dagoen arazoak dituena». Aplikazioa Android, iPhone eta Blackberry gailuetan erabil daiteke. Horregatik, Anituak esan du garrantzitsua dela mendira edo ibiltzera bakarrik ateratzen diren adinekoei tresna hori duen telefonoa ematea.
Ez da aplikazio soila, atzean langileak daudelako. Hiru funtzio ditu tresna berri horrek. Alde batetik, botoi gorri bat du, larrialdietan SOS Deiak zerbitzuarekin zuzenean harremanetan jartzeko. Botoia sakatu bezain pronto, laguntza eskatzen ari denaren izen-abizenak eta hura dagoen toki zehatza ageri duen mapa jasotzen dute larrialdietako langileek. Ondotik, telefonoz deitzen dute laguntza eskaera benetakoa den ziurtatzeko.
Zaharrentzat ere egokia
Bigarren funtzioa aplikazioaren hegal baten bidez aktibatzen da. Hura sakatuta, pertsona hori geolokalizaturik egonen da, eta hortik aurrera egindako ibilbidea gorde egiten da. «Norberak aktibatu behar du geolokalizatzailea. Ezin diogu jendeari jarraitu; hori datuen babeserako legearen aurkakoa litzateke», azaldu du Anituak. Horren onurak azaldu ditu: «Etxetik ateratzean aktibatu egiten duzu, baina istripu bat baduzu, ezin diozu botoiari eman. Orduan, familiakoek larrialdietara deitzean, telefono zenbakia emanen digute, eta badakigu zein den azkenengo tokia». Aukera hori zaharrentzat egokia dela uste du Anituak: «Nagusien kasuan, botoi bat sakatu, eta ez dute deus gehiagorik egin behar».
Aplikazioaren hirugarren ezaugarria alertak SMS bidez bidaltzeko aukera da. Adibidez, ekaitz handia heltzear bada, mezu bat jasoko dute inguru horretan aplikazioa pizturik daukatenek, egoeraren berri ematen duena. Tresna berri hori erabat dohainikakoa dela gogorarazi du Anituak. Haren funtzioak seinalearekin eta Internet konexioarekin lotuta daude, baina azaldu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan seinalea «oso ona» dela. Dena den, aplikazioaren bidez, SMS bat bidali edo 112ra deitzeko aukera ere badago.
Aplikazioa Eusko Jaurlaritzarena izaki, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baizik ezinen da erabili.
Iturria: Berria.info
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.